Autismoaren espektroaren nahasmendua diagnostikatuta duten pertsonak artatzeko plan pertsonalizatua egiten du GAUTENAk. Plan pertsonalizatu hori elkarteko mediku-psikologoetako batek koordinatzen du.
Mediku-psikologo talde espezializatu horrek, lehendabizi, diagnostikoa egiten du –egun, haurtzaroan egin ohi da, goiz–, eta, ondoren, plan bat prestatzen du; haurrarekin harremana maiz duten guztiak inplikatuko dituen plana, hain zuzen ere.
Plan hori gauzatzeko, banako saioak egiten dira, batez ere, komunikatzeko eta harremanak izateko dituzten zailtasunak ukitzeko. Saio horietan senideek parte hartzen dute, modu batean edo bestean. Hartara, haurrak inguruan dituen arlo guztietan ezarri beharko diren estrategiak finkatzeko eta hitzartzeko balioko dute saio horiek. Horrez gain, zaharragoak diren pertsonekin, talde terapia egiten dugu. Gizarte, komunikazio eta egokitze gaitasunak bultzatzea da talde terapia horien helburua. Beste alde batetik, beharrezkoa den kasuetan, sendagai psikotropikoak erabiltzen ditugu, sendabiderako osagarri gisa.