AEN duten Gipuzkoako ikasle guztiek beren premietarako egokiena den heziketa izan dezaten lortu nahi dugu. AEN duten ikasle askok ohiko hezkuntza sistemari egin ahal zaizkion egokitzeak baliatzen dituzte; beste batzuentzat, berriz, orain dela ia 25 urte, taldeko egokitze adierazgarria sortu zuen GAUTENAk, gela egonkor izenekoa, hain zuzen ere.
Izenak berak adierazten duen moduan, inguruaren eta hezitzen dituzten langileen egonkortasuna eta beharrezko dituzten baliabideen koordinatze egonkorra eskaintzen zaizkie ikasle horiei. Ohiko ikasketa plana egokitzea nahikoa ez duten ikasleek edo ikasketa plan horren zati txiki bat jarrai dezaketenek parte hartzen dute gela egonkor hauetan, plan horren zati bat bakarrik jarraitzen dutenentzat hartutako heziketak funtzionaltasuna galtzen baitu heldu bihurtzen direnean.
Gure gela egonkor guztiak irekiak dira eta ikastetxe arruntetan daude, ahalik eta gutxiena mugatzen duen inguru batean eta etxetik ahalik eta gertuena hez daitezen baitugu irizpide eta horri eutsi nahi baitiogu. Ikasle bakoitzak bere programa du laguntza jasotzeko. Programa hori urtero egiten dute kasuan parte hartzen duten profesionalek eta familiak berak. Ikasketa planaren alderdi akademikoenak – matematika, irakurketa-idazketa, lur ingurunea… – eta bakoitzaren gaitasunak garatzeko funtsezkoak diren beste alderdi batzuk – komunikazioa, nork bere burua zaintzeko trebetasunak, nork bere burua zuzentzen ikastea, gizarte trebetasunak… – biltzen dira programa horretan. Ikasleen adin kronologikoa kontuan hartuta eta adin horretarako egokiak diren edukiak egokituta egiten dugu lan; esate baterako, heldu izatera igarotzen direnerako hainbat arlo garrantzitsu lantzen ditugu gazteekin, hala nola, autonomia, lanean hastea, afektibitate eta sexu harremanak, etxeko lanak…
Gela egonkor horietan hiru eta sei ikasle artean daude, eta horiekin batera irakasle bat, hezitzaile bat eta egunaren une batzuetan laguntzen dieten bi zaintzaile. Profesional horiek guztiak espezialistak dira AEN duten ikasleen heziketan eta gure mediku-psikologo taldeak eta GAUTENAren hezkuntza zerbitzuaz arduratzen den pedagogo batek laguntzen die.
Adin guztiak garrantzitsuak badira ere, bi nabarmendu nahiko genituzke: haurraren lehendabiziko urteak, etorkizunean izan dezaketen eragina dela-eta, eta gaztaroa, lanerako bidea egiten lagundu behar baitiegu, bai eguneko zentroen bidez, bai lanerako edo lagundutako lanerako zentro berezien bidez. Gipuzkoan, gure ikasleek 20 urte izan arte har dezakete heziketa espezializatua.