Maiatzaren 21 eta 22ko asteburuan Gautenan ohikoa bihurtu den URDINDUZ ibilaldi solidarioa ospatuko dugu. Helburua gizartean Autismoaren Espektroko Nahastea (AEN) ikusgai egitea eta nahaste horren inguruan kontzientzia piztea da.
Ibilaldia maiatzaren 22an izango da, nahiz eta egun bat lehenago, maiatzaren 21ean, ekintza desberdinak egongo diren Donostiako Alderdi Eder parkean.
Larunbata, maiatzak 21
Larunbat arratsaldean, 17:00etatik 20:00etara, Donostiako Alderdi Eder parkean hainbat musika emanaldi izango dira eta, beste batzuen artean, AEN eta dibertsitate funtzionala duten pertsonek parte hartuko dute. Parke berean jarritako karpa batean autismoari, Gautenaren historiari eta erakundeak eskaintzen dituen zerbitzuei buruzko erakusketa bat egongo da, baita elkartearen kamisetak eta oihalezko poltsak saltzeko gune bat ere.
Karpan bertan, Aramendia Gozotegiak emandako produktuak salduko dira. Gautenari ekimen honetan lagundu nahi izan gaitu eta horregatik gure eskerrik beroenak ematen dizkiegu. Aldi berean, garagardo postu bat eta txikienentzako globoflexia gune bat ere izango dugu.
Igandea, maiatzak 22
Igandea ibilaldiaren eguna da eta goizeko 11:30etan hasiko da Alderdi Eder parkean. Aurretik, 10:45ak aldera, Donostiako Udalaren Musika eta Dantza Eskolako plus txarangako ikasleek musika emanaldi ezberdinekin alaituko dute goiza.
Aurten, Kontxako pasealekuko obrak direla eta, URDINDUZen ibilbidea desberdina izango da. Irteera eta iritsiera Alderdi Eder parkean egingo dira. Ibilbidea honakoa izango da: Alderdi Eder – Portua – Paseo Berria – Boulevard – Alderdi Eder. Donostiako parkea urdinez beteko dugu musikaz, jatekoaz eta edatekoaz gozatzen dugun bitartean.