Euskaraldia hizkuntza ohiturak aldatzeko ariketa soziala da. Helburu nagusia herritarren hizkuntza ohiturak aldatuta euskararen erabilera handitzea da. 2020an, azaroaren 20tik abenduaren 4ra egingo da ariketa eta aurten, norbanako bezala (ahobizi edo belarriprest izanez), parte hartzeko aukeraz gain, taldean parte hartzeko aukera ere izango dugu. Nola? Ariguneen bitartez.

Gautenak bat egiten du Euskaraldiarekin

GAUTENAko egoitza kanpo-arigune

Ariguneak euskaraz lasai aritzeko guneak dira. Euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro. Entitate barruan osatu daitezke (barne-ariguneak) edo entitateak herritarrekin duen harremanean (kanpo-ariguneak). Talde hauetako kideek ahobizi eta belarriprest modura jardungo dute Euskaraldiak iraungo duen 15 egunetan, azaroaren 20tik abenduaren 4ra, baina ariketa modu kolektiboan gauzatuko dute.

Gautenan hamaika Arigune osatu ditugu: 8 barne-arigune eta 3 kanpo-arigune. Barne-ariguneak egunerokoan elkarlanean diharduten lantaldeek osatu dezakete. Gure kasuan guztiak gela egonkorrak dira. Kanpo-ariguneak, berriz, Gautenak familia eta herritarrekin harremana ezartzen duten hiru lekuetan osatu ditugu: erakundeko egoitzan Donostian, CEMEI eraikineko bulegoan eta Zumarragako lokalean.

Gogoratu, GAUTENAn euskaraz egin dezakezu!